Enpresa gezurretan ari dela salatu du sindikatu batek, eta amiantoaren arrastoa agerikoa zela langilea aritzen zen plantan.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gasteizko auzitegiko epaile batek hartutako erabakia, eta esan du Michelineko langile bat amiantoaren eraginez hil zela. Sindikatuak jakinarazi duenez, 2008ko azaroan hil zen langile horren heriotza ezkutatzen saiatu da Gasteizko lantegia, inork jakin ez zezan lanean hartutako gaitz baten ondorioz hil zela.
Enpresak bere erantzukizuna saihestu nahi izan duela esan du sindikatuak, eta langilea aritu zen plantan ez zegoela amiantorik argudiatu duela. “Beste heriotza batzuekin argudio horrek balio izan dio horretarako”. Hasieran, Gizarte Segurantzak eta Osalanek ondorioztatu zuten enpresan minbizia eragiten duen zuntzik ez zela erabiltzen. “Sei hilabete geroago, ordea, enpresaren gezurrak agerian geratu ziren, amianto arrastoak agerikoak zirelako”. Sindikatuaren arabera, plantaren erdiak zuen amiantoaren arrastoa hoditerian.
Gainera, amiantoaren arrastoa enpresako Segurtasun eta Higiene Batzordearen agirietan jasota dago, eta lan istripu baten txostenean ageri da langile batek amiantoa kentzen ari zela izan zuela istripua. “Horri guztiari esker, Osalanek eta Gizarte Segurantzak berriro egin zituzten euren txostenak”. Michelinek helegitea aurkeztu zuen Gasteizko auzitegiaren erabakiaren aurka. Hildakoaren familiari sufriarazi egin diotela salatu du sindikatuak, “amiantoaren eragina mina-dragatzaile batean soldaduska egiten ari zela” jasan zuela argudiatzen zutelako. Enpresak “bere eskaerekin torturatzeari utzi eta egindako kaltea ordaintzea” espero du familiak, sindikatuaren hitzetan.
- Acuerdo en el conflicto del ERE en la planta de Ugao del Grupo Envases Universales Ibérica - 15 octubre, 2024
- USO solicita criterios claros y seguridad jurídica en la recuperación de cotizaciones de becarios - 14 octubre, 2024
- Sectores con mayor riesgo de siniestralidad laboral: necesarias medidas preventivas - 13 octubre, 2024